Unità Naziunale – 14 janvier 2018 – 19h45) Kortsikan eta Katalunian eman diren hauteskundeen emaitzek 2017ko azken asteetako kronika politikoa markatu dute. Bi hitzordu elektoral hauek gure Herrien aitortzari begira garrantzi handiko pausoak izan dira, hainbat ikasgai mahaigaineratzen dizkigutelarik.
Kortsikarekin hasteko, abenduaren 10eko hauteskundeen emaitzak historikoak izan dira dudarik gabe. Parte-hartzea eskasa izan bada ere, abertzaleek 2015eko hauteskundei konparatuz 30.000 boz gehiago irabazi dituzte lehen itzulian, eta bigarren itzuliaren ondotik, Pè a Corsica zerrendak gehiengo osoa erdietsi du Kortsikako biltzarrean.
Dirudienez, opzio minoritarioa izatetik, abertzaletasunak pentsamendu hegemonikoa bilakatzea lortu du kasik. Hasteko, Kortsikaren geroari buruzko eztabaida politikoan bi idei gakoak oso ongi finkatuak direla erran daiteke: Herri berezi baten existentziaren aldarrikapena zilegia eta errespetagarria dela, eta Kortsikako problematikak estatus politikoaren bilakaera berri baten baitan (autonomia) konpondu beharko direla. Funtsezko aldaketa hori direla zenbait urte FLNC-k eman zuen pausoa oroitarazi gabe ezin da ulertu. Izan ere, 2014ean FLNC-k aldebakarreko behin-betiko suetena iragarri zuen, burujabetza dinamikari eremu politikotik bide emateko helburuz.
Autonomistak eta independentistak eskuz-esku
Prozesu politiko horrek eduki zitzakeen ezaugarrien marrazteari begira, erran behar da Lurralde Kolektibitatearen Biltzarrak gehiengo oso zabalez hartu zituen hiru erabaki funtsezkoak izan zirela.
Hiru bozka horiek ziren: Kortsikaren nazio-identitatea aintzat hartuko duen Autonomia estatus baten aldekoa lehena; lurra-etxebizitzaren eremua egoiliaren estatus baten arabera arautzeari buruzkoa bigarrena; eta preso politikoen amnistia eta askatze osoaren aldekoa azkena.
FLNC-aren borroka armatuaren ondotik Kortsikako abertzaletasunak eman dituen pausoetatik bi ikasgai nagusi ondorioztatu daitezke; preseski, lorturiko arrakasta esplikatzen dutenak.
Lehena: abertzaleen arteko batasuna.
Zailtasunak-zailtasun, 2015etik gaur arte, autonomistak eta independentistak eskuz-esku ibili dira poderearen kudeaketan eta hauteskunde kanpainetan (aldi huntakoak eta ekaineko legegileak).